Arritxu Uranga Zubizarretarekin elkarrizketa, Tomás Zubizarretaren iloba

Tomas Zubizarreta Zumaian jaio zen 1907ko apirilaren 15ean. Lau anaietatik bigarrena izan zen (Jose, Tomas, Rafaela eta Hilario). Euskaditik alde egin zuen Gerra Zibilean, bere ideologia komunista zela-eta. Mitinak ere eman zituen Espainian komunismoa aldarrikatzeko. Hogei urte zituela apenas, bere familia eta herria utzi zituen. Preso egon zen Frantzian, eta espetxealdi horren ondoren gertatutakoaz ezer gutxi daki familiak, 1945an Bergen hiriko kontzentrazio-esparruan hil zela izan ezik.

Carlos Jimenez de Aberasturi Cortaren Fondos documentales para el estudio de la guerra civil y el exilio republicano en el archivo nacional de Francia 1931-1981(3) ikerlanean, Tomas Zubizarretari buruzko aipamen bat jasotzen da.

Frantziako artxibategi nazionaleko funts dokumentalen arabera, Tomas Zubizarreta arotza zen ogibidez. PCEko errefuxiatu politikoa, Polizia komisarioa izan zen Donostian. 1938an Frantzian errefuxiatu zen. 1939an Boucau-en (Aurrepirinioetan) izandako leherketa bat egotzi zioten. Tomas Zubizarretaren etxebizitzaren logelan gordeta zeunden lehergailuek eragindako leherketa bat izan zen, hain zuzen ere. Etxebizitza berean bizi ziren gainerako atxilotuak aske utzi zituzten.

Tomasen anaia Hilario Zubizarretak ere ihes egin behar izan zuen Espainiatik, eta Frantzian kokatu zen. Tomasek idatziriko hiru gutun gorde zituen: 1943ko uztailean, abuztuan eta irailean idatzirikoak, Frantzian preso zegoela. Gutunetan eguneroko elkarrizketak jasotzen dira (osasun egoeraren ingurukoak, egunerokotasunarekin loturikoak, eta abar). Baita garai hartako testuinguru soziopolitikoari buruzkoak ere:

Querido hermano,

Recibí tu cariñosa carta del 24 del pasado antes de ayer, que me ha causado alegría al saber que estás en buena salud. La mía es buena por el momento.
(…)
Me encuentro mejor. Como dices hace dos años pesaba 51K y ahora aproximadamente 75K. Cuando me detuvieron pesaba 107K, fíjate.
(…)
Aquí hemos tenido noticias de España recientes el 18 del pasado, con motivo del aniversario del comienzo de la Guerra Civil. Han dado la amnistía general de todos los presos políticos. Según se ve nos concierne a los dos, tanto mejor. Veremos pronto si es cierto.
(…)
Aquí pasa la aviación diariamente, a la noche la aviación Inglesa para Italia (…) y de día la aviación de patrulla de Hitler.
(…)
Sin más por hoy, esperamos tus gratas noticias. Me despido con un abrazo, tu hermano que te quiere, que nunca te olvida. Hasta pronto.
Thomas.

Azken gutunaren ostean, 1943ko irailaren 12koa, Hilarioren eta Tomasen arteko komunikazioak eten ziren. Hilariok hainbat saiakera egin zituen anaia non zegoen jakiteko, baina ez zuen inoiz anaiaren berririk izan. Makina bat saiakera egin zituen, Moskura ere idatzi zuen 1947an. Bertatik J.A.Uribes-ek(2) sinaturiko gutun bat jaso zuen: ez zekiten non zegoen bere anaia.

Estimado compatriota:
Contesto a su carta del 7 de enero de 1947, en la que me pide noticias a cerca de un hermano suyo llamado Tomas Zubizarreta Lazcano, según parece deportado a un campo de Alemania y liberado más tarde.
Siento mucho no poder satisfacer su impaciencia, pues desconozco el paradero de su hermano, cuyo nombre, no ha llegado a mis oídos.
Sin embargo, tenga la seguridad de que si algo supiéramos algún día, nos apresuraríamos a comunicárselo.
Reciba un cordial saludo,
Moscú, L5.II.1947

Arritxu Uranga Zubizarretak eman du argitara bere osaba Tomasen istorioa. Izan ere, ez zuen osaba ezagutu, baina bere istorioaren zati bat gordetzen du, baita bere beste osabari, jada hilda dagoen Hilariori, idatzi zizkion gutunak ere.

Espainiako testuinguru frankistak, Bigarren Mundu Gerraren bilakaerak eta dispertsio geografikoak baldintzatuta, Tomasen eta bere anai-arreben arteko komunikaziorik ez zegoen. Arritxuren amak, Tomasen arrebak, ez zuen inoiz bere berri zuzenik izan, Hilarioren bitartez iritsi zen informazioa izan ezik; hortaz, ez zuten ia harremanik izan.

“Bakoitza bere tokian zegoen, eta ez zuten elkar ikusten. Guda garaia zen. Bata Pasaian, Hilario Frantzian, Tomas desagertuta, eta gure ama Zumaian. Ez zuten inoren berririk. Noizean behin gutun bat idazten zioten Hilariori Frantziara, eta ahalegin handiak eginda. Izan ere, garai hartan ez zegoen gutunak eramaterik eta ekartzerik. Muga zeharkatzea oso zaila zen” (Arritxu Uranga).

 

Bere gaztaroan, Arritxuk ez zekien Tomas izeneko osaba bat zuenik, berak adierazi duenez. Diktaduraren testuingurupean, gauza gutxiz hitz egiten zen, eta are gutxiago politikaz. Beraz, Tomasi buruz ezer gutxi aipatzen zen. “Desagertu zela, eta ezer gutxi gehiago. Amak ez zuen Tomasi buruzko gauza handirik esaten, gerra garaian ez zen askorik hitz egiten, baina ez Tomasi, ez inori buruz. Norbaiten lagun mina eta ideologia berekoa behar zenuen izan zerbaiten inguruan hitz egiteko. Bakoitzak bere taldea zeukan, eta herri txikia izanda, guztiek ezagutzen zuten elkar” (Arritxu Uranga).

Izuaren eta aurkarien arteko liskarren eraginpean, isiltasuna seguru mantentzeko formula zen: “Beldurra zegoen, bai. Gu txikitatik beldur horretara egokitu ginen, edo gehiago egokitu ginen ezer ez esatearen beldurrera” (Arritxu Uranga).

Tomasen istorioak ez du apenas iraun familian, ezta Zumaian, senideek oso harreman gutxi izan baitzuten, eta ezagutu ez zutenek, beste garai batzuetan igarotako istorio gisa gogoratzen dute.

Behin erretiratuta, Hilariok Euskadira eginiko bisitaldi gutxiei esker, Arritxuk harremana izatea lortu zuen osaba horrekin. Izan ere, Arritxuk dakien apur hori, bere osaba Hilariorengandik jaso du, batik bat. “Hau labean sartu dute, erre egin dute. Seguru. Ez da inon agertzen, bertara joan naiz, eta ezer. Seguru nago”, esaten zion Hilariok Arritxuri.

Hilariok egin ahal zituen hausnarketak gorabehera, ez zuen sekula jakin non zegoen bere anaia. Horretaz gainera, Hilario hil baino apur bat lehenago deskubritu zuten Arritxuk eta bere familiak Tomasen istorioa.

Hala, 2010ean izandako Pilar Pardoren(3) dei batek istorioa askatu zuen. Erregistro ofizialen arabera, Zubizarreta atxilotu eta Alemaniako Compiegneko espetxera bidali zuten 1944ko maiatzaren 21ean. Neuengammera deportatua, egun batzuk geroago, Farge, Bergen-Belsenera eraman zuten, eta bertan hil zen 1945eko otsailaren 10ean. Beraz, informazio horren arabera, Alemaniara deportatu zuten Tomas, Bergeneko kontzentrazio-esparrura, non sei hilabete igaro zituen hil baino lehen.

Arritxuk pozik jaso zuen deia. Izan ere, dei horri esker jakin zuen zer gertatu zitzaion bere osaba Tomasi. Tomas ezagutu ez arren, bere osaba Hilariorekin izan zituen “igarotako garaien” inguruko bazkalosteko solasaldiek istorio honi buruzko sentsibilitate berezia eragin zuten berarengan. Hilariok berari eman zizkion gordetzen zituen Tomasen gutunak.
Arritxuren aburuz, gizarteak ez du deportatuen historia ezagutzen neurri handi batean, familian bertan kasuren bat izan ezean, bere familian gertatu den legez. EGarai frankistan izandako isiltasunak, eta egungo gazteriak bizi ez duen garai bat izateak eragin dute egoera hau. Historiaren zati bat galdu egin da garai hartan ihes egin zuten lagunekin batera. “Historiaren zati handi bat da. Hemen bizitako gosea eta sufrimenduaren berri izan dugu, baina jende asko joan egin zen, eta horietako bakoitzak bizitza bat zeukan alde egin zuenean. Batzuk joan eta bueltatu egin ziren, baina beste batzuk, berriz, bertan gelditu ziren (…) Sakabanatu egin ziren, eta urte asko igarota itzuli. Nire osaba Hilario 20 urte egon zen hona itzuli gabe, desertorea baitzen. Mugak zeunden, pasaportea beharrezkoa zen, eta pasaporte hori eman egin behar zizuten”.

Arritxuk uste du jada berandu dela, aitortzaren bat izan den arren. “Nire iritziz, nahiko berandu da. Oraindik izango dira paperak dituzten pertsonak, hori guztia biltzeko ondo dago, baina ez dakit noraino. Ez dute kontatuko bizi zuten guztia. Sufrimendu asko igaroko zuten, eta barruan gordeko dute”.
Horretaz gainera, bere aburuz konpontzeko oso zailak diren hutsune asko daude, historia gogoratzea beharrezkoa den arren. “Hobeto historia kontatzea, baina uste dut hutsune asko daudela, eta hutsune horiek azaleraztea zaila da (…) oso zaila dela iruditzen zait, kontatu ezin diren kutxa beltz asko baitaude”.

(1) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskal historialarien talde bati aginduriko ikerlana, Euskal Herriko gerra zibila bakarrik aipatzen zituzten mundu osoko artxibategietako iturri dokumentalen bilketa egin zezaten.

(2) J.A. Uribes PCEko Batzorde probintzialeko idazkaria izan zen Valentzian, eta 1936an Espainian eraturiko Gorteetako diputatua. Espainiako emigrazio politikoaren buru izan zen SESBn.

(3 )Pilar Pardo Sevillako Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartearen sortzaileetariko bat. Nazien kontzentrazio-esparruetara deportaturiko espainiarren senideekin harremanetan jartzen dihardu, bere senideei jakinarazteko non dauden, eta kasu batzuetan, Frantziako gobernuak lehen mailako senideei ematen dizkien laguntzei buruz informatzeko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


dos × 2 =