Askatzea

Mauthausen kontzentrazio esparruaren askapena,
1945eko maiatzaren 5ean.

1945eko udaberrian hasi ziren tropa aliatuak kontzentrazio-esparru gehienetako presoak askatzen. Buchenwald-ekoak apirilaren 16an askatu zituzten. Dachau eta Flossenbürg-ekoak apirilaren 23an. Neuengamme eta Mauthausengoak ez zituzten maiatzaren 4 eta 5 arte askatu, hurrenez hurren.

 

Bizirautea lortu zuten euskal herritarrek bizitzako aldi berri bati ekin zioten. Erregimen frankistak gaitzetsi egin zituenez, betiko erbestean bizitzearen drama izan zuten. Badira salbuespenak, 1919an jaiotako Jose Maria Agirre kasu. Mauthausen esparrutik bizirik atera zen. Jose Maria Mallorcan jarri zen bizitzen 50eko hamarkadan. Urtetan ez zuen gertakari lazgarri haiei buruz hitzik egin.

Itzuli ez zirenak Frantziak hartu zituen eta hura bihurtu zitzaien aberri. Han berregin behar izan zituzten haien bizitzak eta familiagandik urruti egon arren, familiakoekin berriro harremanetan jartzen hasi ziren. Ondorio psikologikoak betiko gelditu zitzaizkien. Maria Guesalagak Rita Perez asturiarra ezagutu zuen Ravensbrück esparruan. Esparru hartako presoak askatu zituztenean, Frantziara itzuli ziren biak.  Handik urte batzuetara, Maria Francisco Perezekin ezkondu zen. Ritaren semea eta Dachau esparruan preso egona zen Francisco. Bizi berri bat hasi zuten biek batera Bordelen.

Bizirik atera ez zirenen familiakoentzat isiltasuna eta maiteak zituztenak dauden tokiari eta gertatu zitzaienari buruzko ezjakintasuna besterik ez zen gelditu. Hala ere, bizirik ateratzea lortu zutenak, lanean hasi ziren gertatutakoa ez ahateko eta esparru haietan hildako kideen oroitzapenari bizirik eusteko.