Antonio Priorekin elkarrizketa, Julian Prioren iloba

Julian Marco Prior Donostian jaio zen 1902ko otsailaren 17an. Gerra Zibila lehertu zenean, Fronte Popularrean izena eman zuen eta han egin zuen borroka, erori arte. Orduan, Frantziako Erresistentzian sartu zen.

Nazien armadak atxilotu zuen, 1944ko maiatzaren 21ean Compiègne-ko espetxera bidali zuten eta handik lau egunetara Neuengamme kontzentrazio-esparrura bidali zuten(1).

Datu-baseen arabera, askatu egin zuten, baina ez dago askatu zuteneko datarik. Julian Prior ilobaren esanetan, kontzentrazio-esparrutik ihes egin zuen erresistentziako komando baten laguntzari esker.

Ez zen inoiz Euskal Herrira itzuli eta Frantzian bizi izan zen hil arte, Frantziako gobernuak holokausto naziaren biktima zelako eman zion pentsioari esker. Erbestean bizi arren, Donostian lurperatu zuten.

Antonio Prior, Julian Marco Prior zenaren iloba: gerrako umeak

Antonio Prior, Julian zenaren ilobak ez zuen osaba ezagutu eta familian ez dute ia Julianen historiaren oroitzapenik. Julian osabaren historiaren xehetasunak ez jakitearen arrazoi bat da Julianek berak ere bizi izan zuela bere gerrako istorioa. Kontua da, Antonio Prior gerrako umeak esaten zaien horietakoa dela. 11 urte zituela, gerra zibila lehertu zenean, atzerrira eraman zuten itsasontziz, Nazioarteko Gurutze Gorriaren laguntzaz. Sobietar Batasunera eraman zuten Antonio Prior.

Santurtzitik atera, Bordeletik igaro eta handik Leningradora (orain San Petersburgo) eraman zituzten. Espainiarrentzako umeen etxeetan jarri zituzten eta, ondoren, beste toki batzuetara eraman zituzten, lurralde osoan sakabanatuta.

Antonio Mosku kanpoaldeko etxe batean egon zen II. Mundu Gerra hasi zen arte. Alemaniako tropak Moskura inguratzen ari zirela ikusita, Stalingradoren kanpoaldera bidali zituzten eta, ondoren, tropek aurrera egin ahala, Uraletara.

Antonio, azkenean, Sobietar Batasuneko Goi Mailako Mekaniko eta Elektrizista izateko Eskola Profesionalera joan zen eta hura izan zuen lanbide gerrak iraun zuen bitartean. 1945ean, gerra amaitzean, Sobietar Batasunen zeuden gerrako ume guztiak Moskura bidali zituzten berriro.

«Ba al dakizu zenbat denbora behar izan genuen Uraletatik Moskura joateko? 15 egun trenez. Tropei lehentasuna ematen zieten eta tartetxo bat zegoenean, atoian eramaten gintuzten; atoian eramaten zituzten umeen bagoiak. Tira, umeak, ume helduak ginen. Batzuek amaitua genuen eskola edo unibertsitatea, beste batzuek lanbide-eskola eta abar.» (Antonio Prior)

Hamar urtez Moskun lanean aritu zen. Asturiar batekin ezkondu zen. Hura ere umetan Sobietar Batasunera eraman zuten eta 1956an Euskal Herrira itzuli ziren. Antoniok ez zuen itzuli nahi, batez ere, Espainia diktadura bete-betean zegoelako, baina emaztea tematu egin zen eta itzuli egin ziren. Errenterian jarri ziren bizitzen.

Itsasontzi batean iritsi ziren eta erraz ezagutu zuen aita kaian. Ez zuen ikusi Sobietar Batasunean egondako denbora hartan guztian, baina bazituen argazki batzuk. Ez zuen familiarekin gutun bidez harremanik izan, baina Pirenaica irratiari esker, ondo zegoela esan ahal izan zien familiakoei.

Itzulera gogorra izan zen (lana bilatu behar, pasaporte espainiarra ukatu zioten, ezin tituluak baliozkotu eta abar) eta hartatik bizirik atera zirenei isiltasuna eta gaitzespena besterik eman ez zizkien frankismoak markatu zuen.

Antonio Prior, orain, Alderdi Komunistako militantea eta Euskadiko Sobietar Batasunarekiko Laguntasun Elkarteko kide ere bada elkartea sortu zenetik.

“Historiarik gabeko herri batek ez du nortasunik, adreilu bat da, eta mugimenduren bat sortzen denean, desegin egiten da. Herri batek duen gauzarik handiena historia da (…); historiarik gabeko herria da ez da herri. Herri batek harro sentitu behar du duen hizkuntzaz, ohiturez, folkloreaz. Hori da herri bat. Eta herria askotarikoa bada, are aberatsagoa izango da”. (Antonio Prior)

(1)Neuengamme kontzentrazio-esparrua Alemania naziaren esparrua izan zen. Elba ibaiaren ondoan dagoen Hanburgoko barruti bat da Neuengamme. 1938tik 1945era arte izan zuten esparrua zabalik eta 56.000 hildako utzi zituen.
Toki hori eraikin gehienak kontserbatu dituzten Alemaniako kontzentrazio-esparru bakarretakoa da eta eraikinak, oroimenezko monumentu dira gaur egun. Hanburgo erdialdetik 15 km hego-ekialdera dago, Jean-Dolidier-Weg-en, Vierlande eremuan.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


ocho + = 9