María Luisa Guesalagarekin elkarrizketa, María Juana Guesalagaren iloba

Maria Juana Guesalaga Zarautzen jaio zen 1907ko abenduaren 3an. 1931ko urriaren 15ean Jose Miguel Beguiristainekin ezkondu zen. Tolosan jaioa zen Beguiristain, zapataria eta Alderdi Komunistan afiliatua. Gerra Zibilean militante aktiboa izan zen eta UGTn ere afiliatuta egon zen 1936ko maiatzaren 1etik aurrera, haren batailoietako batean ibili zen eta Katalunian Madrilgo euskal batailoietan teniente izan zen.

Fronte errepublikar nagusiak erori ondoren, bikoteak Frantziara ihes egin behar izan zuen 1939an eta Bordelen erbesteratu ziren, aurretik Le Barcarès eta Gurs esparruetatik igarota.

Jose Miguel Beguiristainek Frantzian jarraitu zuen jarduera politikoak egiten. Frantziako Atzerritar Legioan sartu zen eta Alderdi Komunistan militante klandestinoentzako dokumentazio faltsua eskuratzeaz arduratzen zen taldeko kide izan zen. Horregatik, tropa naziek jada okupatua zuten Frantziako erbestetik, bi aldiz gurutzatu zuen0 1942an muga zedula pertsonalak eskuratu eta Bordelera eramateko misioan. Bidaia klandestino haietan bizia arriskuan jarri zuen muga agiririk gabe igaro baitzuen aurretik kontrabandistei ordainduta.

Bidaia klandestino arriskutsu haietako batetik itzultzean, Jose Miguel Beguiristainek jakin zuen emaztea, Maria Guesalaga, naziek atxilotu zutela. Jose Miguel desagertu egin zen eta betiko galdu zen haren arrastoa. Maria Paris iparraldeko Compiègne bitarteko esparrura iritsi zen, 1943ko apirilaren 28an.

Handik bi egunera, apirilaren 30ean, 1096 emakume presorekin batera Ravensbrück esparrura bidali zuten konboi batean. Emakumeentzako esparrua zen hura, Berlindik 90 kilometro iparraldera zegoena. Han sartu zen 19424 matrikula-zenbakiarekin, Maria Beguiristain izenarekin, senarraren abizena hartuta; hala egiten baitute Frantzian.

Rita Perez asturiarra, askatasunaren aldeko borrokan sinesten zuena, ezagutu zuen esparruan. Rita Bordelen familiarekin bizi zen 1915eko azarotik eta hura ere Compiègne esparrutik iritsi zen Ravensbrück-era. Ritaren senarra eta bi semeak atxilotu eta kontzentrazio-esparruetara bidali zituzten. Senarra, Gregorio Perez, Sauchsenhausen esparruan hil zen. Paul, seme gazteena, Orrienenburg deuseztatze-esparruan hil zen. Francisco, zaharrena, bizirik atera zen Dachau esparrutik.

“Egin beharra genuelako egin dugu egin duguna. Faxismoari aurre egin diogu, aurre egin behar baitzaio faxismoari, edozein tokitan dagoela ere. Gerra irabazteari esker, faxismoa ez da Europan ezarri. Aliatuen garaipenari esker, herrialde asko askatu egin dira» (1).

Biak, Maria eta Rita, bizirik atera ziren Ravensbrück-eko izugarrikerietatik eta emakume eta haurrekin egindako osasun-esperimentuetatik, eta aliatuek 1945eko apirilaren 23an askatu zituztenean, Bordelera itzuli ziren.

Lagun minak bihurtu ziren. Maria, Ritaren seme Franciscorekin ezkondu zen Bordelen 1956ko azaroaren 19an eta han bizi izan ziren.

“Osaba Paco benetako jauna zen, bene-benetakoa. Izebari, pasatu zituen guztiak pasatu ondoren, Pacorekin ezkontzea izan zen gertatu zitzaion onena”. (Maria Luisa Guesalaga, Maria Guesalagaren iloba)

Diktadura frankistak iraun zuen bitartean, Maria gutun bidez komunikatu zen Zarauzko familiarekin eta noiz edo noiz muga zeharkatu ahal izan zuten elkar ikusteko. Mariak, ilobak, maitasunez gogoratzen ditu izebak Bordeletik bidalitako gutunak eta opariak jasotzen zituzten uneak.

“Denon izeba zen. Opariak bidaltzen zizkigun; ezin eskuzabalagoa izan zen bizi izan zen artean.” (Maria Luisa Guesalaga)

Hala ere, familian eta Zarauzko inguruan, ez zen Maria Guesalagak bizi izan zituenei buruz hitzik egiten; ezta kontzentrazio-esparruko egonaldiaz ere. Isiltasunaren urteak ziren.

“Ez zen hitzik egiten, ez zen hitzik egiten… nik ez dut gogoratzen, ez familian, ez herrian… Lotsa, beldurra, hemen ere gerra izana zen. Hobe bazterrak ez nahastea”. (Maria Luisa Guesalaga)

Francisco Perez hil egin zen eta Maria Guesalaga alargun gelditu zen. Bordelen bizitzen jarraitu zuen, baita demokrazia iritsi ondoren ere. Bere bizitzako azken urteetan, osasun-arrazoiak medio, Zarautza itzultzera erabaki zuen, familiarengandik gertu egoteko. Ilobek zaindu zuten.

Jaioterrian hil zen 2005eko martxoaren 7an, 97 urte zituela.

(1)Rita Perezen lekukotza: Neus Catalá. De la resistencia y la deportación. 50 testimonios de mujeres españolas. Península, 2000. Linean ere eskuragarri: www.ceibm.org/neuscata0000.html

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


2 + = cinco