Juan Goikoetxea Larbururekin elkarrizketa, Juan Manuel Larburu eta Florentino Goikoetxearen iloba

Juan Goikoetxea Larburu, Juan Manuel Larburu eta Florentino Goikoetxearen ilobari eginiko elkarrizketa

Juan Manuel Larburu 1912ko abuztuaren 20an jaio zen Hernanin, Berakorta baserrian, eta zazpi neba arreben anai nagusia zen.

Juan Manuel Larbururen familiak ezer gutxi daki bere istorioaz. Familian jada inork ez daki zergatik alde egin zuen euskal herritik, edota nola amaitu zuen kontzentrazio esparru batean.

Ez omen zuen afiliazio politikorik eta Gerrate Zibila eman zenean, Kataluniatik ibili zen eta bertan gorria izateagatik salatu zuten.

Juan Carlos Jimenez de Aberasturiren “El camino de la libertad. Florentino Goikoetxea y otros hernaniarras en la lucha contra el nazismo durante la II Guerra Mundial” liburuan esaten denaren arabera, naziek Juan Manuel Larburu Florentino Goikoetxearen Bidegain-Berri baserrian atxilotu zuten hegazkinlari ingeles batzuekin eta Comete Sareko zenbait kiderekin batera. Naziek baserri hau kontrolatuta zuten, eta bertan egindako sarekada batean atxilotu zuten Juan Manuel Larburu, ez, ordea, Florentino Goikoetxea.

Comete Sarea Bruselan sorturiko erakundea izan zen, 1940an. Bere xedea naziek jarraitzen zituzten soldadu aliatuak babesean jartzea zen. Helburua, Espainian zeuden enbaxada eta zerbitzu aliatuen laguntzaz, Gibraltarreraino eramatea zen. Naziek okupaturiko Europa zeharkatu eta gero azken puntua Euskal Herria zen. Bertan Florentino Goikoetxea zuten zain muga igarotzeko. Andree de Jongh (Dedee bezala ezagutua klandestinitatean) izan zen Comete sarearen buru nagusienetako bat.

Florentino Goikoetxea mugalaria zen, eta Comete Sarearen kide. Bere misioa hegazkinlari ingelesak mugatik zehar igarotzea zen. Oso ondo ezagutzen zituen bertako mendiak eta hainbat bidaia egin zituen mugako alde batetik bestera. Donostia edota Oiartzungo zenbait baserritan, Sarobe baserrian kasurako, egiten zuten parada atseden hartu eta bidaiarekin aurrera jarraitzeko.

Juan Goikoetxea Larburuk kontatzen duenaren arabera, Florentino Goikoetxeak ez zuen bere laguntza eskaini ideologia konkretu bat zuelako edo dirua behar zuelako. Berak abentura zuen gustuko. Trebea zen, ez zion beldurrik lanari eta egiten zuena jendearen onerako egiten zuen ez bere onerako.

“Gizon handia zen. Altua, zabala eta lanak ez zion beldurrik ematen. Edozertarako pronto. Oso trebea zen. Beragatik baino gehiago jendeari on egiteko egiten zituen gauzak. Beregatik izan bazen ez zituen arrisku horiek hartuko”.

Hitz gutxiko gizon honek gutxitan kontatu dizkie bere senideei mugalari zenean bizitakoak. “Ez du garrantzirik”, esaten omen zion familiari. Hala ere, sarritan arriskatu zuen bere bizitza eta hainbat aitorpen eta omenaldi egin zitzaizkion, gerratea amaitu ondoren. 1976an “Legión de Honor” domina eman zioten.

Egun urtero Ziburutik Errenteriara martxa bat egiten da, Comete sareko mugalariek Bigarren Gerrate Mundialean zehar egiten zuten ibilbidea gogoratzeko.

¿Baina zer gertatu zitzaion Juan Manuel Larbururi naziek atxilotu zutenean? 1943ko ekainaren 3an, Fresnes presondegira eraman zuten, eta handik Compiègnera, 1944ko urtarrilaren 7an. Astebete gerorago (urtarrilaren 19an), Pariseko polizia naziaren aginduz, Buchenwald kontzentrazio esparrura izan zen deportatua. Bertan, 40644 matrikula zenbakia izan zuen. Azkenik, Flossenbürg kontzentrazio esparrura eraman zuten, eta bertan hil zen, 32 urterekin 1944ko apirilaren 5ean.

Familian ez da Juan Manuel Larbururi buruz ia ezer hitz egin. Isiltasuna izan da familian nagusi.
“Garai hartan gu gazteak ginen, eta gure aurrean saiatuko ziren ez hitz egiten, eta egiten bazuten, ere ez ginen enteratuko (…)Garai artan galdetzen bazenuen, isilik egoteko esango zizuten (…) Ordutik hona, gauzak asko aldatu dira. Lehen gauzak isilago pasatzen ziren”.

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


4 + cuatro =