Anton Gandarias elkarrizketa

Anton Gandarias, Angel Lekuonaren iloba eginiko elkarrizketa

Angel Lekuona Busturian jaio zen, Apres baserrian, 1913ko Martxoaren 1ean. Hamaika neba-arrebaren anaia nagusia zen.

Hamabost bat urterekin itsasora joan zen lanean eta soldadutza egitera bueltatu zen Ferrolera.

Gerra Zibila hasi zenean, Busturiako lagun batzuekin Bartzelonara ihes egitea erabaki zuen, bertatik Frantziara igarotzeko asmoz. 1940an, Portbou-etik Frantziara pasatu zen; bertan, ikatzaren eraikuntzan lan egin omen zuen. Lan klandestinoetan ere ibili zen, erosotasun gehiagoz bizi ahal izateko.

Angel Lekuonaren familiak harreman gutxi izan zuen berarekin, gaztetatik etxetik kanpo ibili baitzen, eta laster Frantziara ihes egin baitzuen. Frantzian zegoela, gutunen bat idatzi zuen, ondo zebilela aditzera emateko, eta lagunekin ateratako argazkiren bat ere igorri zuen.

1943an, Frantzian zegoela, gestapoak atxilotu eta Bordeleko Fuerte die Hao-ra eraman zuten, eta bertatik, Parisko iparraldean dagoen Compiègne igarotze esparrura. 1944ko urtarrilaren 19an, beste bi mila presorekin, Alemaniako Buchenwald kontzentrazio esparrura eraman zuten, eta hilabete bat gerorago, otsailaren 23an, Flossenburg-era. Bertan preso politiko bezala sailkatua izan zen, 6516 preso zenbakiarekin.

1945ko apirilaren 10ean, errepide batean eraila izan zen; SSek beste hamaika lagunekin fusilatu zuten.

Bere preso-kide zen Gregorio Urangak 1945eko uztailaren 16an idatzitako gutun baten bidez izan zuen bere ibilbide eta heriotzaren berri Angel Lekuonaren familiak. Hala, jakin zuten Angel Lekuona 1945eko apirilaren 10ean izan zela eraila, tropa aliatuek kontzentrazio esparrua askatu baino egun batzuk lehenago.

Anton Gandariasek bere amak gordetzen zuen gutun horren berri izan zuenean, bere osabaren istorioa berreskuratzeari ekin zion: hamaika ildo jarraitu ditu bere osabaren bizitzaren istorioa eraikitzeko.

Kontzentrazio esparruen askapenaren 60. Urteurrenean, Anton Gandarias eta bere anaiak osabaren istorioaren inguruko txosten bat prestatu eta Busturiako udaletxean aurkeztu zuten. Herrian oso gutxik ezagutzen zuten Angel Lekuonaren bizitza, “Ezjakintasun hau aitzinako itxurekin edo frankismoak lorturiko eraginarekin lotua dago”. Urtero, abuztuko lehen igandean, Busturiako udaletxeak omenaldi bat antolatzen du Angel Lekuonaren omenez, baita 1937ko abuztuan fusilaturiko herriko zazpi auzokideren omenez ere.

Egun Flossenburg-eko kontzentrazio esparruko memorialean Angel Lekuonaren istorioa jasotzen duen plaka bat dago, estatu espainoleko preso baten biografiaren oroigarri gisa. “Ni pozik, horrela, gure osabak errekonozimendu bat izango baitu, eta norbait bertara badoa Angel Lekuonaren biografia bat dagoela ikusiko du(…) Horrela, jendeak jakingo du Busturiako seme bat Alemanian hil zela. Hori baino ez, jendeak jakin dezan zer gertatu zen”. Anton Gandarias Flossenburg-eko erakusketa iraunkorraren aurkezpenean Busturiako udaletxearen ordezkari lanetan egon zen.

Antonen iritziz, jende gutxik daki euskaldunak ere kontzentrazio esparruetan egon zirela: “Ez delako kontatu. Kontatu behar dutenek ez dutelako kontatu. Jendeak jakin behar du zer gertatu den. Historia kontatu egin behar da, baina kontatu gertatu den bezala. Baina nork kontatzen du historia? Garaileek. Eta horiek beraien neurrira moldatzen dute … Historialariek, zaila bada ere, historia objektiboki kontatu behar dute. Gutxienez alde biak erakutsi”.

“Bai, erakundeek egin beharko lukete zerbait. Agian, bertako erakundeentzako Alemaniako historia da, eta ez Euskal Herriko historia. Baina Euskal Herriko ia berrehun lagun Alemaniako kontzentrazio esparruetan egon ziren. Batzuk bueltatu ziren eta beste batzuk, berriz, ez. Beste batzuk, gainera, Frantzian gelditu behar izan zuten, Frankismoa zegoela ikusita”.

Anton Gandariasek esker onez gogoratzen du Busturiako udaletxeak eskainitako laguntza, baita bere emaztearena ere. Emazteak animatu zuen Anton bere osabaren istorioa plazaratzera “Nigatik izan balitz, ez nuen ezer kontatuko eta gauza pertsonal bat bezala geldituko zen. Nire zaletasun bat bezala. Amaiak esan zidan ahalegintzeko hedabide ezberdinekin. Arrazoia zuen… Orain bai kontatzen dut, baina hasieran niretzako gauza bat baino ez zen. Zergatik ez duk kontatuko ba? Jendeak jakin behar du. Ez naiz damutu”.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


− cuatro = 5