HASIERA

 

KONTZENTRAZIO ESPARRU NAZIETARA DEPORTATUAK IZAN ZIREN EUSKALDUNEN MEMORIA HISTORIKOA

1940 eta 1945 bitartean 150 euskaldun inguru izan ziren deportatuak kontzentrazio esparruetara. Frantzian erbesteratu ziren Gerrate Zibila eta diktadura frankista ekidin nahian. Erdiak soilik lortu zuen bizirik irautea zoritxarreko gertaera horretan. Beste erdiak bizitza osoa pasatu zuen erbestealdi amaigabe batean. Euskal Herrian geratu ziren senitartekoek isiltasunaren lege gogorra pairatu zuten eta askok ez zuten jakin beren senideak non ziren duela urte gutxi batzuk arte. Beste batzuk senidea non zuten jakin gabe hil ziren.

Euskal herritarren zati batek ez ditu gertakari hauek ezagutzen. Ez dago berauek kontutan hartu eta gogoratzen dituen monumenturik. Gure historiaren barruan zintzilik dagoen irakasgaia da.

Espazio birtual honen bitartez kontzentrazio esparruetatik pasatu ziren euskaldun guztiei izena eta aurpegia jarri nahi diegu eta berauen senitartekoei ahotsa eman. Beraien bizipena ezagutarazi nahi dugu, beraien memoria berreskuratu eta beraien aitortzan lagundu. Beraiek gure historiaren parte dira, ahaztu ezin daitekeen historia.